XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Liluragarria dun hau, Urruxa.

- Hala duk.

- Baina ezin bizi hemen.

- Ez, egia duk hori ere.

- Ametsezkoa dun hau.

- Bai.

Zeruetan edo lurpetan, ametsetan bizi gaituk gu gehienetan.

Berriz ere, laino tartera sartu, eta berehalaxe jatsi gara Botxoara.

Simon Gezurrek esan duena gezurra izango zen.

Bai. Ez dut uste nobedaderik dagoenik Botxoan.

Denda batera eraman nau Urruxak.

Dendako ateburuan IDAZ-MAK irakurri dut.

Idazteko makina mordo bat erakutsi dizkit, zein baino zein ederragoak.

Eta, azkenez, XIMIST hura erakutsi dit.

Ikusgarria, benetan! Hain zuzen ere, magnetofono batek hitzaldi bat hartzen duen bezala, XIMIST-ek hartu ta idatzi egiten du, gainera, hitzaldia.

Pozaren pozez, jauzika hasi naiz, eta bi musu eman dizkiot Urruxari.

- Goazen, Urruxa, kopau bat hartzera.

Hori baino gehiago ere merezi dun hik baina...

XIMIST hartu besartean, ta, denda hartatik irten baino lehen, azkonarraren erpa bat utzi du Urruxak, haren ordez, hura egon den lekuan.

Arri-Uri tabernara joan gara kopau bana hartzera.

Igel bina jan ditugu, ta Bilboko ur kopa bana edan.

- Ba ahal dakik Arri-Uri izen horrek zer esan nahi dikan?